viernes, 21 de octubre de 2011

Bertsolaritza ikasgelan?

14.450 haurrek eta gaztek bertsolaritza landuko dute ikasgelan, Bertsozale Elkartearen eskutik
Txapelketa Nagusia ere aztertuko dute gelan

Hasi da ikasturte berria, eta aurten ere bertsolaritzak bere lekua izango du ikasgeletan: astean ordubete eskainiko diote 14.450 haurrek bertsolaritzaren lanketari, Bertsozale Elkartearen proiektuaren bidez. Urtez urte ikastetxeen eskaria hazten doa. Aurten iaz baino 1.900 ikasle gehiagok hartuko dute parte proiektuan. Berrikuntzarik ere bada: Txapelketa Nagusiari jarraipena egingo diote ikasgelan, sekuentzia didaktikoen bidez.

Proiektuaren ezaugarriak
Bertsozale Elkarteak bertsolaritza lantzeko aukera ematen die ikastetxeei. Ikasturte osoan zehar eskaintzen da proiektua. Astean ordubeteko tartea dedikatzen zaio, euskara ikasgaiaren barruan (nagusiki LH 4. eta 5. mailetan). Helburuak dira haurrak zaletzea, eta bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izatea. Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakasleak gidatzen du saioa, tutorearen laguntzaz. Ikasmaterialari dagokionez, “Gu ere bertsolari” deritzan ikasliburua baliatzen dute haurrek, eta irakasleek audio eta bideozko material osagarriak.
Kurtsoan zehar egindako lana jendaurreratzeko, ikastetxetako jaialdiak egiten dira maiatzean: ikasleak oholtzara igotzen dira, ikasitako bertso sortak kantatzera. Liburuxkak ere argitaratzen dira urtero, ikasleek jarritako bertsoekin. Proiektuaren barruan, ikastetxeei bertso saioak antolatzeko aukera ere ematen zaie. Eta ikastetxeak berak antolatzen dituen ekitaldietan ere parte hartzen da (ihauterietako jaialdietan, Santa Ageda, ikasturte amaierako festan).

Zergatik landu bertsolaritza ikasgelan?
Haurrekin ahozko hizkuntza lantzeko aukera ematen du bertsolaritzak. Musikari dagozkion gaitasunak ere lantzen dira bertsoaren bidez, eta baita Trebetasun Pertsonalak eta Sozialak ere (autoestima, jendaurrekotasuna, kontzentrazio teknikak, tentsio egoeren kudeaketa, sormena…). Bertsozale Elkarteak argitaratutako Bertsolaritzaren Curriculuma lanak jasotzen du horren berri, eta ikastetxetako proiektuaren oinarri teorikoa da.


 Iturria: www.bertsozale.com 

No hay comentarios:

Publicar un comentario