domingo, 15 de diciembre de 2013

6. ASTEA- Hausnarketa eta ikastaroaren amaiera.

6. aste honetan, amaiera emango diogu EHUMOOC ikastaroari, eta horrekin batera, ikasitakoari buruzko hausnarketa egiteko momentua iritsi da.
MOOC ikastaro bat egiten dudan lehenengo aldia izan da. Esperientzia positiboa izan da niretzat. Nahiz eta hasieran galduta egon eta gauza asko berriak izan niretzat, betidanik gustatu zaizkit teknologia berriak eta hauei loturiko programak. Beraz, ikastaroa maneiatzea ez da traba izan.
Astero, gai/arlo ezberdin bat landu dugu. Horretarako, bideoak, audioak eta informazio idatziak izan ditugu eskura. Ondoren, ezagutza horiek lantzeko eta praktikan jartzeko, e-aktibitateak burutu ditugu (Ebaluazio irizpideak kontuan izanda). E- aktibitate horiek gauzatzeko, aplikazio ezberdinak erabili ditugu, batzuk berriak izan direnak niretzat. Beraz, ezagutza berriak lantzeaz gain, aplikazio eta erraminta berriak ezagutzeko aukera izan dut, etorkizun batean erabiliko ditudanak.
Uste dut ikastaro hauek oso eraginkorrak direla ikasteko, edozein momentu eta espaziotan burutu daitekeelako. Gaur egungo gizarteak esparru batean baino gehiagotan egiten du lan, eta askotan, denbora falta arazo bihurtzen da. Ikastaro hauen bitartez, ikasle bakoitzak bere denbora antolatzen du eta ahal duen erritmora moldatzen da, betiere epe baten barruan. Denbora ez ezik, ikastaroa non burutuko duen ere erabaki dezake: etxean, kalean, lantegian, … Eta nola ez, erabiliko duen euskarria ere anitza izan daiteke: ordenagailu eramangarria, smartphone-a, … Beraz, ikaslearen beharretara moldatzen den ikastaroa dela esan dezaket.
Aurreko jardueran esan bezala, MOOC-ak libreak, masiboak eta onlineak dira. Uste dut hor dagoela gakoa arrakastatsuak izateko. Jende askoren eskura dagoen baliabidea da (Interneten bidez erabiltzen direnez, Bilboko batek eta Txileko batek erabili dezakete aldi berean); ez dira ordutegi zehatz batzuk jarraitu behar, ezta leku espezifiko batera joan behar (Adibidez, unibertsitateko klase presentzialetan gertatzen den moduan). Horrela, ikastaro hauek erosoak dira eta ikasleak kudeatu egiten ditu bere beharren arabera. Era berean, ikastaroak doakoak izateak (gure kasuan behintzat, doakoa izan da), jende gehiago erakartzen du, gaur egun dirutzak ordaindu behar baitira antzeko ikastaroak egiteko (Jende askori ez zaio interesatzen titulua lortzea, formatzea baizik).

Horretez gain, ikastaroko edukiak argiak izan behar dute. Hau da, ulertzeko errazak eta aldi berean, erakargarriak. Ikasleen arreta deitu behar dute. Testuak eta bideoak ez oso luzeak, baina edukiz aberatsak. Baliabide audiobisualak ikasleen interesa piztu behar dute. 
Masiboak direla ere aipatu dut. Honek ere abantailak ditu eta aspektu oso garrantzitsua da gaur eguneko gizarte digitalizatu honetan. Izan ere, MOOC ikastaro batean, hainbat eta hainbat ikaslek hartzen dute parte; horrela, gure kasuan gertatu den bezala, ikasle guztien artean, ezagutzak eraikitzea eta iritzi ezberdinak elkartrukatzea posiblea izan da. Zalantzak izan ditugunean,  gainontzeko partaideek arazoak argitu dizkidate; nire ikaskideek arazoak izan dituztenean ere, laguntzen saiatu naiz. Horrez gain, sare sozialen eta foroen bitartez, gure lanak elkarbanatzen aritu gara, eta beste ikuspuntu eta ideia batzuk ezagutzeko aukera izan dugu. Egindako eta egin dizkidaten ekarpenak oso aberasgarriak izan dira, eta batzuetan, nire lanak hobetzeko bidea eman didate. Ondorioz, ezinbestekotzat hartzen dut MOOC-en alderdi sozial hau; elkar lagunduz eta elkar kolaboratuz asko ikasi daitekeela konturatu naiz.
Bukatzeko, esan beharra dut gustatu zaidala ikastaro hau egitea. Orokorrean, gustora egon naiz, eta etorkizun batean, horrelako beste ikastaroren bat egitea gustatuko litzaidake.

Laster arte,
Miren Luzuriaga. 

GOGORATU: Nire lan guztiak twitterren ere argitaratzen ditut (@luzumiren). Jarrai nazazue!

No hay comentarios:

Publicar un comentario